80. iruzkina, 2002ko urtarrilak 1

      XXI. MENDEA - HURRENGO SEI HILABETEAK

      Hurrengo sei hilabeteak biziki arriskutsuak izango dira Estatu Batuentzat eta mundu osoarentzat. Zertan da "terrorismoaren aurkako" estatubatuarren guda XXI. mendeko lehenengo urtearen bukaeran? Neurri batean, estatubatuar gobernuak irailaren 11ren ondotik ezarritako helburuetako batzuk lortu ditu. Afganistango erregimen talibana eraitsi du ia ia aire indar hutsa erabiliz eta gutxieneko bizitza estatubatuarren ordainarekin. Orain Kabulen Gobernu koalizio berria dago, momentuz Estatu Batuen zerbitzura, inongo gobernuk ez dio eragozpen larririk jarri, ez Europan, ez Ekialde Urrunean, ez Errusia, ez Txina, ezta Hegoaldeko gobernu gehienak ere.

      Estatubatuar biztanleriak ere ez dio eragozpen larririk jarri politika honi, alderantziz. Bushen politikak, eta garrantzitsuagoa dena, arrakasta militarrak, oso herrikoiak izan dira, hori da Alderdi Errepublikarraren berehalako aurreikuspenak (2002ko azaroan Kongresuko hauteskundeak izango dira) hobetzearen arrazoia. Egia da ere Bushek ez duela Bin Laden atxilotzerik lortu "bizirik edo hilda", eta atxikitzeko aukera egunez egun eskasagoa da. Eta horrek, zalantzarik gabe, Bushen irudia zikinduko du.

      Belatz estatubatuarrak, 79. Iruzkinean esaten genuen bezala, bizitzan bitan agertzen ez den aukera baten legez dakusate egoera eta erronka gogorrean ari dira etekina jasotzeko. Likeneena da Administrazioaren baitan euren buruan hurrengo hauteskundeak irabaztea beste gauzarik ez dutenen aldekotasuna irabazten aritzea. Kudeatzaile publiko horiei irudi dakieke Bush gudalari bat aukera hoberena dela errezesio ekonomikoari aurre egiten dion Bush baten aldean; horregatik, ingurunean beste erasoladi militar bat burutzeko aukera (Irak eta Somalia dira herrialde aipatuenak) erreala bihurtu da, Washingtongo politikari batzuen agendan azpimarratuz.

      Beste alde batetik, beste zenbait kontu ez doaz han ongi Estatu Batuentzat. Badirudi India eta Pakistanen arteko laugarren guda lehertzeko zorian dagoela; indiarrek diote Estatu Batuek terrorismoari aurre egiteko guda bitartekoak erabiltzeko zilegitasun morala badu, beraiek ere zilegitasun moral bera dutela. Aipu indiarraren logika eta, guda piztekotan, indar pakistandarrak Afganistango mugatik Indiako mugara mugituko diren gertaera errealaren artean harrapatuta dago Washington, izan ere horrela Afgandistanetik ihesi Pakistanera doazen Al Qaeda kideei hesia jartzeko edozein aukera desagertuko litzateke. Gainera, baldintza hauetan, Bil Laden benetan Pakistanen badago, pakistandar gobernuak ez du arriskutan jarriko guda zibil baten hasiera Bin Laden entregatuz India eta Pakistanen arteko gudaldia hasten denean.

      Eta zerk eman diezaioke amaiera Pakistan eta Indiaren arteko guda bati? Iraganean Sobiet Batasunak bideratu zuen bakea. Baina laister bukatzen ez bada, zer gerta daiteke Pakistanen? Gogora dezagun Bin Ladenen helburuetako bat gobernu pakistandarra eraistea zela. Horregatik Gobernu estatubatuarrak bere burua berotzen du zer egin jakin gabe, baldin eta zer egiterik badu.

      Gero Argentinako arazotxoa dago. Herrialdea lur jota dago aberasteko sukarra (bertako esplotatzaileak) eta NMF eta diruzain estatubatuarraren zurruntasunaren ondorioz. Agian krisialdi honek Latinoamerikan eta mundu osoko ekonomian izan dezakeen eragina bigundu daiteke. Baina, klase ertainak burutu iraultza baten adibidea kutsakorra izan daiteke? Edonola ere, kalapita argentinarrak mundu osoan NMFren dekretu zoroei aurre egin nahi dietenen animoak berrindartuko ditu ziurtasun osoz.

      Ezin ahaztu Palestina-Israelen arteko gatazka. Hango egoeran erreparatuta, batzuek eta besteek eragindako suak baretuko dituen epe motzeko hitzarmen politikoaren itxaropena inoz ez da hain iluna izan. Israeldar gobernuak ez du hitzarmena lortzeko borondaterik, are gutxiago Estatu palestinar bat onartzeko, eta belatzek unea baliatu dute Estatu Batuek eta alderdi laboristak Aginte Palestinarrarekin, hots, herri palestinarrarekin, benetako negoziazio politikoaren ideia bazter ditzaten bultzatzeko.

      Hortaz, nagusitasun militar estatubatuarrak eragin txikiena ere ez duen hiru egoera oso gatazkatsuri egin behar diete aurre aldi berean Estatu Batuek eta munduak. Estatu Batuek bere burua diplomaziara ikusten dute mugatuta eta, zinez, Bush ez da batere ona arlo horretan ezaugarri garrantzitsuena falta baitu, gainontzeko mundu osoa nondik etortzen den ulertzeko gaitasuna.

      Tamainako egoeran, zer egin dezakete Estatu Batuek? Bi aukera daude: edo itxoin eta ikusi, zerbaitek hobera egingo duen itxaropenarekin, edo frantsesek fuite en avant (aurrera ihesi) deitzen diotena, krisialdi anitzaren indarra eta arreta desbideratuko duten beste norabide batean indarrez kolpatuz. Dagoeneko belatzek badute proposamen bat: Bagdad bonbardatu (ez dut oso serioski hartzen Somaliarena: zer egin lezakete han Estatu Batuek lurreratu ondoren?). Eta Bagdad bortizki bonbardatzen badute, espero al daiteke Afganistanen lortu berri den garaipen kirurgikoa? Oso ziala da. Saddam Husseinen armada talibanena baino serioagoa da eta han ez dago Iparraldeko Aliantzarekin pareka daitekeen ezer. Gainera, hurbileko auzokideek ez dute begikotasun handiz ikusiko oldarraldi estatubatuarra. Turquiak Irak iparraldean Estatu kurdua sortzeko arriskua bizi du honek Turquiako barne politika izan lezakeen eraginagatik. Bertako baseen erabilera baimenduz gero, Arabia Saudik barne oldarraldiaren arriskua izango du. Egia da Iran atsegin handiz atxikiko zatzaiola ekimen estatubatuarrari, saudiarrak sutan jarriko lukeena. Eta segi bueltaka!

      Munduaren gainontzekoari dagokionez, azter ditzagun munduko eliteei Pew-ek egindako galdeketa. Frantziako, Espainiako, Alemaniako, Erresuma Batuako, Poloniako, Errusiako, Ukraniako, Argentinako, Brasileko, Mexikoko, Venezuelako, Bangladesheko, Indiako, Japongo, Koreako, Filipinaseko, Egiptoko, Pakistango, Turkiako, Uzbekistango, Nigeriako eta Hegoafrikako negozio zuzendariak, gobernuak, hedabideak, etab galdezkatu dira. Emaitza: elite estatubatuarraren %50a Irak erasotzearen aldekoa den bitartean, gainontzeko herrialdeetan %30a baino ez da, mundu osoan alde nabarmenik gabe. Elite estatubatuarraren %70ak Estatu Batuek era adostu eta anitz batean ekiten dutela uste duen bitartean, munduaren gainontzeko eliteen %30ak baino ez du gauza bera pentsatzen. Elite estatubatuarraren %18ak baino ez du uste irailaren 11ko erasoen eragilea euren herrialdea denik, bien bitartean, munduko gainontzeko eliteen %58ak uste du horrela dela (ehuneko txikiena Europaren mendebadean ematen da, non %36ak baino ez duen horrela pentsatzen). Eta azkenik, %70 adierazgarri batek (lurraldeen arabera %65a eta %75a artean mugitzen da) uste du ona dela Estatu Batuak "ukigarriak direla sentitzea".

      Horrela ba, ezin esan belatz estatubatuarrek munduaren gainontzekoko eliteen babes disdiratsua dutenik (jende arruntei buruz ez hitz egiteagatik); eta Estatu Batuetan ere ez dute baldintzarik gabeko babesik: militar estatubatuar askok ez du uste Saddan Hussein eraistea gauza erraza izango denik. Agian biztanleri estatubatuarra ez da egongo, irailaren 11ren aurretik bezala, Vietmango sindromeak jota, baina ez dut uste militarrek gaindituta dutenik; ez dute behartuta egon nahi gudu luze eta nekagarri batean parte hartzera, esaten duten bezala helburu politiko argi eta zehatzik gabeko gudan, non badakiten biztanleriaren babesa galtzen joango direla. Eta multinazional estatubatuarrak, oro har, mesfidantzaz dakusate belatzen balizko ekimenen ondorio ekonomiko eta politikoak.

      Hala ere, haientzat, orain edo inoiz ere ez da. Hurrengo sei hilabeteak erabaki handiaren unea izango da, eta ezinbesteko elementu asko dago. Garrantzizko erasoaldi terrorista gehiago izango dira? Bapateko krisialdi ekonomiko berriak agertuko dira? Gobernu afganiarrak baturik iraungo du? Horregatik arrisku handiko unea da. Atzean geratzen bada, hurrengo bost urteei buruz kezkatzen has gaitezke.

      Immanuel Wallerstein (2002ko urtarrilak 1)


      © Immanuel Wallerstein 1998, 1999, 2000, 2001.

      Copyrigth-ren jabegoa, Immanuel Wallerstein. Kopia eskubide guztiak bere eginda. Iruzkinak disko gogorrean kopiatu daitezke, euskarri elektronikoen bidez hedatu edo posta elektronikoaren bidez igorri, baina ezin daitezke inongo euskarri inprimatutan zabaldu copyright eskubideen jabe den pertsonaren baimenik gabe (iwaller@binghamton.edu).